L. Comajoan participa a unes jornades sobre immersió lingüística al País Basc

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak seigarren aldiz antolatu du hezkuntza arloko jardunaldia. Donostiako Miramar jauregian arloko adituak eta eragileak bildu dira. Haur hezkuntzaren garrantzia euskararen jabekuntzan eta garapenean goiburupean egin den jardunaldian, ikasle eleaniztunen abantailez hitz gin da. Bestalde, VICeko Unibertsitateko Vanesa Amat Castellsek eta Llorenç Comajoan Colomek parte hartu dute, Kataluniako esperientziaren berri emanez.

Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak eman dio hasiera aurtengo jardunaldiari. Kontseiluak ikasle guztiak euskalduntzeko proposamena egina du eta adin tarte honi dagokion atala aurkeztu du Bilbaok. Kontseiluaren proposamenaren helburu nagusia, derrigorrezko irakaskuntzak ikasle euskaldun eleanitzak sortzea da, 16 urterekin euskaraz B2 maila egiaztatzea, alegia.

Paul Bilbaok, Kontseiluak egiten duen proposamenaren ardatzen berri eman du bere hitzaldian. Besteak beste, zera aipatu du idazkari nagusiak; «Egun Euskal Herrian dugun egoera soziolinguistikoa eta ukipenean dauden hizkuntzen arteko konpetentzia legeak kontuan harturik, euskararen, hizkuntza gutxitua den heinean, ezagutza maila egokia ziurtatzeko euskarari lehentasuna eman behar zaio eskolan». Hezkuntza sistemaren erreformaren helburuaz ere hitz egin du Bilbaok eta  «Helburua da euskarak beste hizkuntzekiko berdintasun erreala lortzea, orduan, euskarak eskolako hizkuntza izan behar du» aipatu du. Bestetik, 0-3 urte arteko haurren ezaugarri psikologikoen inguruan eginiko ikerketen arabera, adin tarte horretan hizkuntzaz jabetzen hasten direla esan du eta ondorioz, haurrak erraztasun handiagoarekin bereganatuko duela euskara etxeko hizkuntza ez den kasuetan ere azaldu du. Adin horretatik aurrera, beste hainbat mekanismok eta alde psikologikok parte hartzen dutela aipatu du, batez ere ikaskuntzaz eskuratzen den hizkuntzaren irakaskuntzan. «Adinean zenbat eta aurrerago hasi euskara irakasten, orduan eta konplexuagoa izango zaio hizkuntza bereganatzea haurrari. Hala baieztatzen dute hemen eta hemendik kanpo egindako hainbat ikerketek. Horra hor, 0-3 urteko haurren euskalduntzea hain indartsu azpimarratzeko arrazoia» esan du.

Bestalde, aurten ere liburua argitaratu du Kontseiluak eta jardunaldian aurkeztu da. Nola artikulatu jakintza-arloa eta hizkuntza? Zenbait lanabes eskolan erabiltzeko izenburua du argitalpenak. Liburua  Mondragon Unibertsitateko HUHEZIko irakasle batek egin du Kontseiluarentzat. Matilde Sainz Osiñagaren koordinaziopean, Agurtzane Azpeitia Eizagirrek, Eneritz Garro Larrañagak, Arantza Ozaeta Elorzak eta Pili Sagasta Errastik idatzi dute.

Idazkari nagusiaren hitzaldiaren ondoren, Mondragon Unibertsitateko Karmele Perezek hitzaldia eskaini du Arlo emozionalak edota enpatiak irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan duen garrantziaz. Geroago, Andoni Barreña (Salamancako Unibertsitatea); Marijo Ezeizabarrena (EHU) eta Iñaki Garcia (Mondragon Unibertsitatea) haur euskaldunen komunikazio-garapena neurtzeko KGZN tresnaz aritu dira eta 8-50 hilabete bitarteko haurren emaitzak aztertu dituzte.

Esperientzia praktikoetarako tartea ere egon da. Horretarako, Lakuntzako Luis Fuentes ikastetxe publikoko Ane Miren Iruretagoiena, Hendaiako Gure ikastolako Peio Urriza, Tolosako Hirukide ikastetxeko Gurutze Telleria eta Ane Lasak parte hartu dute.

Goizeko saioari amaiera emateko mahai-ingurua egin da, Paulo Iztueta (Soziologoa), Karmele Perez (Didaktikaria) eta  Andoni Barreña (Salamanca-ko unibertsitatea) gonbidatuekin. Ideia bat nabarmendu da mahai-inguruan bereziki: «Gaur egun,  neurri batean erlaxatu egin gara euskalduntzeari dagokionean eta erantzukizun osoa eskolarengan uzten da». Paulo Iztueta soziologoak, egoeraren inguruko irakurketa egin du.

Arratsaldeko saioan, VIC-eko Unibertsitateko Vanesa Amat Castells eta Llorenç Comajoan Colomé-k beren esperientziaren berri eman dute. Euskal Herrian ez bezala, Katalunian eredu bakarra dagoela hezkuntzan nabarmendu dute, debekatuta dago-eta ikasleak ereduetan banatzea. Murgiltze sistema aplikatzen da soilik. Familiaren garrantzia aipatu dute; izan ere, 80. Hamarkadan murgiltze ereduak izan zuen arrakasta horregatik izan zela esan du Vanesa Amatek. Atzerritik Kataluniara joaten diren lagunen hizkuntzak errespetatzearen garrantzia ere aipatu du Amatek «beste hizkuntzekiko jarrera ona izateak, katalanarekiko jarrera ona izatea lortuko dugu», esan du.

http://www.kontseilua.org/index.php?id_saila=54&id_edukia=419